Sei hilabete iraungo dute Bidebieta auzoaren eta Bizkaia kalearen eraberritze lanek

Tolosa, 2017ko apirilak 12

Tolosako Udalak Bidebieta eta Bikaia Kaleko berrurbanizazio obren bigarren faseari ekin dio. Helburu nagusia ingurua berriztatzea da, horretarako espazioaren zatirik handiena hartzen duten ibilgailuak bertatik aterata. Horrela bada, proiektuaren lehen fasean iaztik zabalik dagoen Bidebietako aparkalekua gauzatu zen, ibilgailuak egoitza eremutik kanpo atera ahal izateko, eta orain, espazioak berriztatzeari ekin zaio abiatu berri den bigarren fase honetan. Bidebietako egoitza gunea eraberritzearekin bat, auzoaren hegoaldean kokatuta dagoen Bizkaia kaleko espaloia handituko da ere.

Antolatu behar den eremua guztira 6.000 m2 ingurukoa da. Gaur egun inguru horretan ibilgailuak ilaran edo baterian aparkatzen dira, goiko zein beheko eremuetako bideen luzera osoan zehar eta sarbideetan. Eremu horretako espazio, banaketa eta zirkulazioko arazoek inguruko erabiltzaileentzat gune gatazkatsua bihurtzen dute beren eguneroko erabileran eta gainera oinezkoek eremu murritza erabil dezakete.

Tolosako Udalak eraberritzearekin bizilagunek gozatzeko auzo bat lortu nahi du; irisgarria eta akabera eta azpiegitura berriduna. Lanak baliatuz argiztapen berrituko da, led sisteman oinarritua, oinezkoen segurtasun baldintzak hobetuz eta ingurumenaren mesedetan.

Lanak sei hilabeteko epean burutuko dira eta 1.142.388 euroko aurrekontua dute.

 

Eraberritzearen xehetasunak

Esan bezala, bi eremu hartzen ditu proiektuak: Bizkaia kalea eta Bidebieta auzoa:

  • Bizkaia kalean jarduera txikia gauzatu behar da; izan ere atarietara iristeko eremuetan espaloiaren zabalera handiagotuko da. Horretarako, ibilgailuentzako ordezko igarobidea egingo da, galtzadaren zabalera 2,75 m-koa eta 1,8 metroko aparkatzeko ilararekin, eta horrela 2 m zabalerako espaloia geratzen da eskailerak dauden tokietan eta 3,2 metrokoa gainerako lekuetan.

  • Bidebieta auzoan gauzatuko diren jarduerak, aldiz, auzo osoan eragingo dute. Lanen helburu nagusia lehentasuna oinezkoek duten espazioan beharrezkoa den irisgarritasuna eta erosotasuna duen eremua lortzera bideratuta dago, ibilgailuak auzoaren goiko zonaldean eraikitako aparkaleku berrira lekualdatuko baitira.

Auzora iristeko sarbide nagusian galtzada berrituko da eta espaloi guztiak 2 metrotik gorako zabalerakoak izango dira. Gainerako kaleetan etenik gabeko zoladura jarriko da. Ibilgailuak bertatik igaro daitezkeela kontuan hartuta, 3 metroko zabalera markatu da. Oinezkoentzako 2 metrotik gorako tartea utziko da.

Bertan dauden maldak leunduko dira eta atarietan sartzeko lehen eskailerak erabiltzen ziren hainbat tokietan, malden edo maila aldaketen bitartez eta espaloiak edo pasabideak egokitzearen bidez, elementu nagusi guztietan irisgarritasuna lortzea da helburua.

Gaur egun haurrentzako jolastokia dagoen eremuan jolasteko tokia eta eserlekuak eta landaredia izango dituen beste eremu bat gauzatuko da.

Gogoan izan behar dugu kale horiek guztiak hondo-zakuan amaitzen direla eta, ondorioz, bertara sartutako ibilgailu batek atera nahi badu norabide aldaketa egin behar duela. Horrenbestez, kale horietan guztietan maniobra hori gauzatzeko espazio askea utzi da. Oro har lortu nahi da kale horietan bertako bizilagunak jakineko une batean kargatzeko edo deskargatzeko edo premia berezi batzuetarako bakarrik sartzea, bertako garaje edo ibi edo pasabideak salbu.

Laneko egiturei dagokionez, hormigoiko hainbat horma eraikiko dira beharrezkoa den irisgarritasun alortzeko ezinbestekoak diren zabalerak eta maldak eraikitzearren.

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter

The Best United Kingdom Bookmaker lbetting.co.uk Ladbrokes website review