Tolosako historia

HASTAPENAK

Inguru fisikoak baldintzatu egiten du gizakiaren egitekoa, eta aldi berean, gizaki horren eskuak inguruan eragiten du eta aldatu. Gaur ezagutzen dugun Tolosa ere, interakzio horren ondorioa da: lurralde aldapatsua da, mendi eta errekasto ugariekin; Oria ibaia da ibar hori zeharkatzen duen nagusia. Ezkerreko ibai ertzean, San Estebanen, 9.000 urte dituen asentamentua aurkitu dute. Bertan jasotako tresna eta landutako silex azternen arabera, ehiza eta fruitu biltzetik bizi zen taldea litzateke. Brontze Arokoa da Belabietako trikuharria, oraian 4.000 urte ingurukoa; Burdin Arokoa dugu Intxur izeneko bizileku fortifikatua, Aldaba auzoan. Izango ditu 2.300 urte inguru, eta badu zerikusirik Oria bailarako beste hainbat bizitokiekin (Murumendi Beasainen, Basagain Anoetan, Buruntza Andoainen). Aintzinaro osoa, erromanizazioa barne, eta Gipuzkoa Historian sartu zeneko ia 1025 urtera arte, oso gutxi ezagutzen dugun denboraldi iluna da.

Domenjon Gonzalez Andia

Domenjon Gonzalez Andia

ERDI AROA

XIII. mendean, Gaztelaren asmoa da itsasorako bidea irekitzea, Araba eta Gipuzkoatik barrena, Europa iparraldearekin merkataritza indartzeko. Gainera, ez du begi onez ikusten Nafarroako Erresumak euskal lurralde guztiak bateratzeko duen asmoa. Horregatik, Erregeak herriak sortzeko zuen ahalmenaz baliatuta, Araba eta Nafarroa arteko mugan hainbat herri sortu ditu 1256an (Corres, Kanpetzu, Agurain, etab). Gipuzkoa eta Nafarroa arteko bide nagusietan, Tolosa eta Segura sortu zituen, Araxes eta San Adriango bideetan bere kontrola areagotzeko, eta horrekin batera, Gaztelako erregearen aginte esparrua ageriago uzteko. 

Tolosaren kasuan, lehendik ere bazen herriari halako aitorpena emateak, halako zerbitzu batzuk izatearen onura ere ekarri zion, alegia, errotak zirela, ogia erretzeko labeak, teileriak, ospitaleak, alhondiga, hiltegia. 

Behin herri izena aitortuta, harresia egin zuten babeserako, eta aldi berean, gaien sarrera-irteerak kontrolatzeko; merkataritzaren sorrera hartan, 1442ko pribilegio batek bultzatuta, Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko salerosgai guztiak Tolosatik pasarazten zituen. 

XV. mendean bertan sortu zen Gipuzkoako Ermandadea, lurraldeko herriak bildu zituena eta egungo gobernu sistemaren sorburua; Tolosak izan zuen zeresanik: batetik, bere bultzatzailerik nagusiena Domenjon Gonzalez de Andia tolosarra izan zelako, garai hartan Batzar Orokorretako eskribaua, eta bestetik, inguruko hogeita bost herri urte batzuk lehenagotik Tolosako jurisdikzioaren menpe jarrita zeudelako babesa lortzearen truke; hartara, herri honek Gipuzkoako lurraldearen zati handia ordezkatzen zuen Ermandadean. 

Andre Mari Eliza

Andre Mari Eliza

ARO MODERNOA

Herri kiskalita utzi zuen XVI. mendean izandako suteak, eta berreraiki egin behar izan zuten. Eraikuntza nagusien artean, Andra Mari eliza berriz altxatu zuten, aurrekoa erabat desagertu zenean, gaurko elizaren oinarriak jarrita. Ordura arte egurrezkoak ziren etxebizitzak ere harrizkoak egiten hasi ziren; garaiko adibiderik aipagarrienak ditugu Atodo eta Iturritza jauregiak. Orduan bete-betean ari ziren burdinolak; harresiz kanpo hamasei ziren burdina urtzen zutenak, herri barruan armak eta beste tresta batzuk egiten zituzten bitartean. 

Ordenantza berriak atera ziren 1532an, eta kontzeju irekiaren amaiera izan zen, herritar guztiek parte hartzen zutena; ordezkarien sistemarekin hasi ziren, aldaketa nabarmena izan zelarik. Mendearen amaieran, San Frantzisko komentua egiten zuten; urte batzu geroago Santa Klara, biak harresiz kanpo; barruan Plaza Zaharrean, Udaletxea egin zuten, Aranburu eta Idiakez jauregiekin batera. XVII. mendeko eraikin hauek funtsezkoak dira gaur egun dakusagun herriaren itxuran. 

Aurreko mendearekin alderatuta, gainbehera garaiak izan ziren; Tolosako jurisdikzio pean 300 urte inguru egindako herrietako asko ere bereizi egin ziren; halere, izan zen tartean gauza onik ere, esaterako, 1630ean Errege Armategia bertan jarri izana, herriaren izen ona eta emandako erraztasunengatik; kultura aldetik, azpimarratzekoa da Migel Aranburuk atera zuen Foruen Bilduma Berriaren argitalpena, Aranburu Jauregiko bere inprimategian. 

XVIII. mendean hondamendiak gertatu ziren, uholdeak edo suteak, batez ere 1794an herria sustsituta utzi zuena ejertzito frantziarra bertatik pasatzean; gainera izurrite haundia izan zen. Andre Mari eliza berreraiki zuten, Arramele eta Nafarroako zubiak berritu eta handitu, Plaza Berriko Udaletxea eta Arrameleko Errukietxe berria eraiki zuten. Harresiari erantsita estalpe bat egin zuten (Zerkausia) merkatua jartzeko, gaur egun oraindik ere bizirik. 

Urte hauetan Aldabak baso aberastasun haundia zuen, untziteri oso bat egteko adinekoa; bien bitartean, Felix Mª Samaniego, bertako familiakoa, urtebetez aldata izan zen eta XVIII. mendeko litaraturan alegialri bikaina, bere obra oparoan ari zen lanean. 

ARO GARAIKIDEA

XIX. mendea gerrate eta gerratarte sasioa da, hor eman baitziren bi gudu karlistak eta hainbat gobernu sistema. Tolosa probintzi burua izan zen 1844-1854 bitartean. Gertaera politiko hauek guztiek izan zuten ondoriorik beste alor batzuetan ere. Tolosako aduanatxoa kentzearekin, esate baterako, ordura arte Gipuzkoan libre sartzen ziren atzerriko gaiei zerga jarri zieten, baina Gaztelara eraman beharreko salgaiek ez zuten inongo zergarik. Industrializazioak berealdiko gorakada izan zuen; azpimarratzekoa da papergintza sektorea (1842an La Esperanza izan zen jarraiko papera ezin zuen lehen fabrika estatuan), metalurgia, larru ondua, ehungintza (txapelak) etab.; gainera, 1846an iritsi zen trenbideak bultzada eman zion. 

Herriaren itxura aldatzen joan zen: 1845ean Eraikuntza Egitasmo berria onartu zuten, eraikin berriak, lerrokatzeak, lursailak, etab. erregulatzeko. Vargas Markesen etxe berria egin zuten (gerora Diputazioa izango zena, Eskolapioak eta gaur egun Kultur Etxea), Berdura plaza, pilotaleku berria San Frantziskoko lurretan (Beotibar), Rondillako zelaiak kale bihurtu ziren, Justizia Plaza (egungo Euskal Herria plaza) eraiki zuten inguruko etxeekin. Estolderia proiektu oso bat egin zuten, eta Ur eta Argiaren Udal Zentrala martxan jarri, garai hartako herritarrek ur korrontea eta argia etxean izateko. 

Urteotan hasi ziren doaneko lehen hezkuntzako eskolak Eskolapioetan, Pablo Gorosabel historialari nagusienaren garaiak dira, Felipe Gorriti musikagilearenak bezala. 

Industriaren sendotze giroan hasi zen XX. mendea, inmigrazio haundia berekin ekarriaz; orduan sortu ziren hainbat erakunde langileen inguruan, sindikatuak zirela, kooperatibak. Lehenengo kirol bazkun eta elkarteak sortu ziren (Ski Club, Tolosa C:F., Aralarko Adiskideak…), kultur zentroak sortu ziren bezala, Gorriti zinema edo Cafe Sport antzokia. 

Tranbia elektrikoa 1912an iritsi zen Donostiaraino, eta hiru urte beranduago, probintziako telefonoak ehun abonatutik gora ditu. Zerbitzu batzuk hobetu egin ziren: San Blas hilerri berria, hiltegi berria, Foruen Plazako azoka, Zerkausia handitzea, Aritzioko zabor biltegia. Gorosabel ikastetxea eraiki zuten, Berazubi estadioa, Zezen Plaza eta Artxibo Probintziala. San Frantzisko ibiltokia itxura hori hartzen doa garaikoak diren etxeekin, eta Laskoain Zabalguneak ere aurrera egiten du, herriaren garapenerako ezinbestekoa bihurtuta. 

Politika arloan, mendearen aurreneko urteetan borbondarren monarkia pean bizi izan ziren, II. Errepublika iritsi zen, Gerra Zibila eta diktadura frankista, gaurdaino bizitza soziala, ekonomikoa eta kulturala markatu duten gorabeherak. 

Historia erreferentzi gehiago

 
Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter

The Best United Kingdom Bookmaker lbetting.co.uk Ladbrokes website review